
Sindikalistentzat urte zaila eta arriskutsua izan da 2008a mundu osoan. Urtero CSIak egiten duen eta argitaratu berri den Eskubide Sindikalen bortxaketaren inguruko txostenak hauxe bera azaltzen du. Bertan, 143 herrialdeetan jasaten diren oinarrizko eskubideen bortxaketak zehazten dira.
Aurten 76 sindikalista izan dira erailak langileen eskubideen defentsaren aldeko ekimenak aurrera eramateagatik, eta beste asko fisikoki eraso dituzte, bortxakeriak jasan behar izan dituzte edo atxilotuak izan dira. Dena den, aurreko urtearekin alderatuta heriotzak murriztu egin dira, orduan 91 izan baitziren. Hala ere, Kolonbian, sindikalistentzat munduko herrialderik arriskutsuenean, aurreko urtean baino 10 hilketa gehiago izan dira, 49 guztira, Alvaro Uribe lehendakariaren gaurko Administrazioak egoera hobetzen ari dela esan zuen arren.
"Langileen oinarrizko eskubideak babesterako orduan gobernuek porrot egin dute, eta hainbat kasutan eurak berak izan dira eskubideek jasaten duten errepresioaren arduradunak. Kolonbia, Guatemala eta Filipinak bezalako herrialdeak hilketen zerrendan agertzen dira, eta horrek, agintariak ez direla babes egokia emateko gai erakusten du, batzuetan, gainera eskrupulurik gabeko enplegu-emaileen konplize izaten dira gertatzen diren hilketetan ". Guy Ryder, CSIko Idazkari Nagusia
Nazioarteko Hitzarmenen aplikazio eraginkorra edo behintzat, estatuko araudiaren aplikazioa eta eskubide sindikalen errespetua, urruti daude oraindik horren zain dauden langileengandik. Berriro ere, CSIak gertatutako hilketa, bahiketa, atxiloketa eta espetxeratzen berri eman du heriotza mehatxu, kaleratze, jazarpen eta sindikalisten aurkako diskriminazio ekintzez gain.
Hala ere, milioika sindikalistek jarraitzen dute mundu osoan langileen arteko elkartasunaren alde borrokan, batzuetan euren mantenu eta bizitza propioa arriskuan jarri behar badute ere. 2008 urteko adibide argiak dira Zimbawe, Kolonbia, Guinea, Guatemala, Filipinak, Irak eta Iraneko sindikalistak.