Sarrera


Munduko Sindikatuek ordezkatzen duten nazioarteko sindikalismoaren arabera, ekonomia nazioartekoago bihurtzeak aukerak orokortzea eragin lezake, baina aukera horiek eraginkor egingo dira soilik demokratikoki aukeratutako herritarren ordezkariek politikoki zuzentzen badute ekonomiaren nazioartekotzea.

Orain arte, ordea, ekonomia nazioarteko bihurtzea ia politikoki araututa egon ez den heinean, globalizazioak eragin du bizikide izan daitezen aberastasunaren handiagotzea, desberdintasunen areagotzea eta bizi-baldintza ezegonkorrak dituzten biztanle kopurua mantendu edo haztea. Eta berariaz, lan esparruan, langabeziak eta lan arloko ezegonkortasunak gora egitea ari da eragiten. Presioa egiten zaie gobernuei, pixkanaka, beren zereginetan kargua utz dezaten. Gizarte politikak eta politika ekonomikoak zituen sistema nazional zentralizatuak justizia soziala eta zuzentasun ekonomiko maila bat sortzen laguntzen zuen. Une honetan, oinarri nazionala duen ikuspegi hori presio handia ari da jasaten. Nazio erakundeek eginkizun txikiagoa dutela eta, nolabaiteko bira gertatu da mundu mailarantz. Baina ez dago nazioarteko esparrurik, ez eta erakunderik ere, justiziari eta zuzentasunari dagozkien gaiez modu eraginkorrean arduratu daitekeenik.

Munduko Sindikatuak erakundeak globalizazioaren aurrean egin duen apustua hedadura sozial handiagoa izan dezan lortzean datza. Alegia, ekonomia nazioarteko bihurtzeak ekar ditzakeen onurak, funtsean, txirotasuna errotik kentzera zuzen daitezela eta, izatekotan, modu zuzenagoan bana daitezela.

Hori lortzeko, honako hauen aldeko apustua egin da, funtsean: batetik, eskubideak konkistatzeko eta lan arloko arauak finkatzeko apustua; eta, bestetik, justizia soziala ahalbidetuko duen nazioarteko esparrua eraikitzean aurrera egitekoa.

Laneko eskubideak konkistatzeak eta lana arautzen duten arauak ezartzeak (batez ere, Lanaren Nazioarteko Erakundearen bitartez) aurrez aurre jartzen du zalantzan planteamendu neoliberala; alegia, lana ere beste salgai bat dela eta, hala denez, merkatuko logikak arautu behar duela dioen planteamendua. Ondoren, eskubideak eta arauak betetzeko eskakizunarekin, lanaren hedatzea eskubideekin eraginkor egitea bilatzen da (lan duina), Laneko Oinarrizko Arauak betetzea globalizatzetik hasita.

Bere aldetik, justizia sozialerako nazioarteko esparrua eraikitzean hainbat jarduera-ildo aztertu dira.

Globalizazioa demokratizatzea, demokratikoki aukeratutako herritarren ordezkariek munduko ekonomiaren politika arautzea bezala ulertuta. Horretarako, nazioarteko erakundeak —orokorrak (NBE...), finantzarioak (Munduko Bankua, NMF...), merkataritzakoak (MMA...) eta abar— gaur egungoek baino eskumen handiagoak dituzten erakunde demokratiko bihurtzea defendatzen da. Hartara, mundu-gobernagarritasuna eta nazioarteko sindikatu erakundeekin hitzartutako politika ekonomikoak, sozialak eta beste hainbat (justizia sozial handiagoa lortzera zuzenduak) garatzea ahalbidetuko litzateke.

Lan duina hedatzera zuzendutako nazioarteko arautzeak onartzea (Laneko Oinarrizko Arauak betetzetik hasita). Hori, funtsean, gizarte-klausula deiturikoen bitartez egiten da. Klausula horiek baldintzak dira, merkataritzako hitzarmenetakoak (MMAren esparruan, eskualdeko blokeen edo herrialdeen artean...), inbertsio arlokoak, lankidetzakoak eta eskualdeko integraziokoak (MERCOSUR...), hitzarmen horien eta LANEren arauen artean koherentzia izango dela bermatzera bideratuak.

Nazioarteko izaera duten lan-harremanak garatzearen aldeko apustua askotariko ereduen bitartez (nazioarteko enpresa-batzordeak, nazio gaindiko edo nazioarteko sektorekako patronalen eta nazioarteko sindikatu-federazioen arteko akordioak, sindikatuen eragina Enpresen Erantzukizun Sozialean...) globalizazioak ekarri dituen laneko errealitate berriei erantzuna eman nahi zaie eta, horretarako, nazioarteko lan-harreman benetakoak ahalbidetuko dituen prozesua hasi behar da.