Nola ulertzen dugu Garapenerako Hezkuntza?


Garapenerako Hezkuntza (edo partaidetzazko hezkuntza) eredu teoriko eta praktiko eraldatzaile gisa hartzen dugu; norbanakoaren eta kolektiboaren kontzientzia hartzea bultzatzen duena, antolaketa soziala sortzen duena eta beste erakundeekin sarean lan egitea bultzatzen duena. Pertsonen eta herrien garapen eraginkor eta errealaz dugun ikusmoldearen funtsezko ardatza lana duin egitea da.

Garapenerako Hezkuntza, herritartasun orokorrerako hezkuntza gisa ulertuta, partaidetza sozialerako motor bihurtzen da laneko eskubideen globalizaziorako, baita kontzientzia kritikoak sortzeko prozesu ere. Hain zuzen ere prozesu horien bidez izango dira pertsonak erantzule aktiboak gizarte zibil konprometitua, erantzukidea eta parte-hartzailea sortzeko.

Gero eta elkarren arteko harreman gehiago dugun mundu honetan, agerikoa da langileek ere munduko beste leku batzuetan gertatzen denaren eragina jasaten dutela, are gehiago mehatxatuak ere sentitzen direla. Mehatxu-sentimendu hori askotan masa-komunikabideek igorritako mezuek eragiten dute, ez baitute sustatzen bizi garen mundua ulertzea.

Abiapuntua, beraz, gure errealitatearen irakurketa izango da, ikuspegi globaletik, mundu mailako gizartea bilduta, eta garatutakoen/azpigaratutakoen kontzeptua bazter utzita eta herrialde guztietan gertatzen den desberdintasuna eta bidegabekeria aztertzearen ikusmoldean sartuta, bazterkeriaren aurka eta gizarteratzearen alde eginez.

Testuinguru horretan, lan-inguruneak langileek elkartasunezko eta lankidetzako lan aktiboa garatu ahal izango duten espazioa izan behar du. Lan horrek mundu mailako eragileen aurrean iparraldeko eta hegoaldeko langileek dituzten interes komunen kontzientziaren beraren ondoriozkoa izan beharko du.

Hala, beraz, guretzat garapenerako hezkuntza sustatzea funtsezkoa da langileak eta ordezkari sindikalak lan duina babesteko zereginean inplikatzeko, garapenerako lankidetzan parte hartzearen eta elkartasunezko izaera izango duen nazioarteko ekintza sindikalaren bidez giza garapen iraunkorra lortu ahal izateko.