Esklabotasunetik hurbil dagoen morrontza da, eta adingabeen trafiko salaketak ere izan dira. Haur horietako askok ihes egiten dute eta gaizkile bihurtzen dira; “chimère” taldeetan sartzen dira, agintean dagoen alderdiarentzat “lan zikinak” egiten dituzten gazte taldeetan. Erailketak egitera ere irits daitezke. Beste batzuek Errepublika Dominikarrera emigratzen dute. Nazio Batuen Garapenerako Programaren (NBGP) esanetan, gizarte osoaren informalizazioa gertatzen ari da, eta “norabiderik gabeko” gobernua salatzen du ondorioz, giza eskubideen aldeko erakundeek eta sindikatuek salatu duten merkataritza politika neoliberala bultzatzen ari delako. Horren guztiaren ondorioak: nekazarien esplotazioa, nekazaritza balio handiko eremuen suntsipena, auzo txiroen ugaltzea, prekarizazioa eta, jakina, haurren esplotazioa.
Bertako merkaturako ekoizten zuten fabrika urriek ateak itxi behar izan zituzten, lehiakortasun faltagatik. Sektore formal pribatuan milaka gutxi batzuk bakarrik egiten dute lan, esplotazio pean, lanerako nazioarteko arauen babesik gabe. Zirkinik egin gabe, gobernuak eremu frankoak sortu nahi ditu Errepublika Dominikarrarekin duen mugan, eta Haitik eskaintzen duen abantaila nagusia haizatzen du inbertsiorako hautagaien aurrean: eskulan merkea.
1 · 2 · 3 · 4 · 5 · 6 · 7 · 8 · 9 · 10 · 11 · 12 · 13 · 14 · 15 · 16 · 17 · 18 · hurrengo ·